XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UEMA Eguna ospatuko dute igandean Oiartzunen udalerri euskaldunek

Oiartzun ere sartuko da egun horretan UEMAn, hartara kideak 29 izango direlarik

FELIX IBARGUTXI/DV. DONOSTIA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) igandean ospatuko du Oiartzunen UEMA Eguna.

Egun berean, Oiartzungo Udalak batzarrea egingo du eta mankomunitatean sartzea erabakiko.

Oiartzun hogeita bederatzigarren kidea izango da, eta sartzearen alde Herri Batasuna eta Eusko Alkartasuna azaldu dira, EAJk oraindik erabaki tinkorik plazaratu ez duelarik.

Bestalde, UEMAren koordinatzailea den Iñaki Arregik atzoko aurkezpenean esan zuenez, mankomunitatea prest dago Eudel-ekin lankidetzazko hitzarmen gehiago izenpetzeko, baina ez dute oraindik aztertu udalen federazio horretan integratzeko EAJk eta EAk planteatu duten posibilitatea.

Goizeko 11etan emango zaio hasiera UEMA egunari.

Orduan ekingo zaio artisau eta nekazari azokari.

12etan udalbatza egingo da udaletxean, bertan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabakiko delarik.

Pauso horren alde herriko 51 talde eta erakunde azaldu ziren orain dela gutxi, baita Udalean ordezkaririk duten hiru alderdietako bi ere: Herri Batasuna eta Eusko Alkartasuna.

Euzko Alderdi Jeltzaleak ez zuen orduan erantzunik eman eta baliteke igandeko udalbatzan aldeko boturik ez ematea.

Eguerdiko ordubata aldera, ekitaldi publikoa egingo da plazan, eta ondoren herri-bazkaria Madalensoro pilotalekuan.

4.30etan, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia izango da, eta 6.30etatik aurrera erromeria Maixa eta Itziar trikitilariekin.

Bestalde, igandean bertan aurkeztuko da baita ere UEMAren historia eta gaur egungo udalerri euskaldunen egoera erakusten duen bideoa.

HABEren tresneria erabiliz egindako produktua da.

Oiartzunek 9.000 biztanle ditu, %80a euskalduna.

Iaztik, idazkaria jubilatu eta berria etorri zen ezkeroztik, udal batzorde eta osoko bilkurak euskaraz dira.

Bestalde, herriko ikastetxe guztiak D ereduan ari dira soilik.

Alazne Garmendia zinegotziak eta Joxe Ostolaza ikastolako langileak atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, pauso handiak eman ditu Udalak, baina badago oraindik zereginik Oiartzungo bizitza soziala guztiz euskalduntzeko, eta hutsune handienak alor hauetan daude: Osasun zerbitzuak, epaitegia, posta zerbitzua, banketxeak eta enpresak.

Mikel Illarregi, Leitzako alkate eta UEMAren lehendakariak esan zuenez, mankomunitatea kaleratu nahi dugu UEMA Egunaren bidez eta egungo egoeraren hausnarketa egin.

Eudel, Euskadiko udalerrien federazioarekin dauden harremanez mintzatu zen Iñaki Arregi, UEMAren koordinatzailea, eta zehaztu zuen mankomunitatean ez dela inoiz eztabaidatu Eudel barruan sartzeko posibilitatea, baina prest daudela erakunde honekin lankidetzazko hitzarmen gehiago sinatzeko.

Zortzi hilabete ba omen dira Eudel eta IVAPekin lankidetzan ari dela UEMA, Udaletako langilegoa trebatzeko eta euskara aldetik kalitate gehiago lortzeko asmotan.

Gaur egun UEMA barruan diren udalerri gehienek alkate HB-koa edota independientea daukate.

Tentsiozko egoera gertatu zen orain dela hilabete batzuk.

UEMAk Eusko Jaurlaritzaren Administrazioa euskalduntzeko bigarren plangintzaldia kritikatu zuenean.

EAJk bere esparrutik kanpo jokatzea leporatu zion orduan UEMAri.